Páginas

2010-09-08

1. UNITATEA: Gure ahozko euskal literatura 3

ATSOTITZAK

1. MOTAK

Apotemak: Esanahi zuzena dute: "Zer ikusi, hura ikasi".

Esanahi zuzena eta figuratiboa dutenak : Esanahi zuzenaz gainera, esanahi figuratiboa dute: "Zelango egurra, halako ezpala". Egurraren erreferentziaz gainera, gurasoen eta haurren arteko lotura estua azpimarratzen da. Edo "Atetik irten eta leihotik sartu", hau da, erraz irabazi eta erraz xahutu.

Esanahi figuratiboa dutenak: "Buztana lastoz duena gibelat beha", akatsen bat duenak akatsari begiratzen dio, alegia. Esanahi figuratiboa dute mota honetako atsotitzek eta, beraz, erabileran, testuinguruan ulertu behar dira: nolako testuingurua, halako esanahia. 2.

2. BALIABIDEAK

Aliterazioa: Oso nabarmena da atsotitz asko eta askoren aliterazioa. Honen bitartez, soinu goxoa eransten zaie erran komunei, eta buruan errazago gelditzen. Hitzekin jokatuz modu askotara lortzen da aliterazioa. Batzuetan hitz homonimoen bidez lortzen da eta beste batzuetan hitzaren erroarekin jokatuz:

-"Suhia sura eta erraina erre"

-"Ezkontza eta buzkantza berotan"

-"Giza ustea, guztia ustel"

-"Umean zentzuna, etxean entzuna"

Bertsoa: Euskal atsotitzek maiz bertsoen antza dute. Bertso moldea neurrian, etenean eta puntuan antzematen da. Atsotitz askok bi zati dituzte, eta lehenaren eta bigarrenaren artean etena dago. Askotan atal bakoitzak silaba kopuru bera du eta puntua ere berdina:

-"Zor zarra, zor txarra"

-"Kandelario hotz, negua joango da poz"

-"Dringilin don, bataren gatxa bestien on"

-"Katalin potolin, katillu zaharrera kaka egin"

Irudiak: Irudiz beteriko hizkuntza erabiltzen da atsotitzetan, imajinaz jantziriko moldeak. Gauza zaharra eta akastuna adierazteko, "txalupa zaharra ur egarri" esango da; itxurekin kontuz ibiltzeko, "distira egiten duen guztia ez da urre"; edo "maindireak haustea baino oinetakoak haustea hobe", ohean eri egotea baino dirua gastatzea hobe dela esateko.

Tropoak: Hitz bati ohiko ez duen esanahia ematen zaio. Atsotitzek tropoen baliabide guztiez baliatzen dira.

-Sinekdokea: zatia osoaren ordez erabiltzea edo alderantziz ("zenbat buru hainbat aburu"), konkretua abstraktuaren ordez edo alderantziz ("gazteriak eskarmentu gutxi") , espeziea generoaren ordez ("adinarendako sendabelarrik ez"), singularra pluralaren ordez ("gaztea loak ekarri, zaharra loak eman")

-Metonimia: kausa efektuaren ordez edo alderantziz ("bururik ez duenak, hankak ibili behar")

-Metafora: troporik erabiliena da: "lastozko buztana duena suaren beldur", edota "aberatsa infernuko laratza".

Irudiak eta tropoak haratago doaz sinbolismoan: "urtearen buruan ardi bezainbat axuri hiltzen da" zahar bezainbat gazte hiltzen dela esateko.

Prosopopeia: Gauzei edo izen abstraktuei bizidunen ezaugarriak edo ekintzak eransten zaizkie: -"Gezurrak zainak labur" -"Sasiek ere belarriak dituzte"

Paradoxak: Asko dira euskaraz: "Hilik laburrena eta luzeena otsaila"

Laburtasuna-elipsiak: Asko dira bi hitzez osatutako atsotitzak:

-"Umeek umeengana"

-"Ahuntza mendira"

-"Aberatsago, goseago"

Izenondo eta izenorde bikoitzen bidez korrelazioz loturiko esaera asko da: nola/hala, non/han, zenbat/hainbat, zer/hura...

-"Nola ikasi, hala erakutsi"

-"Zenbat buru, hainbat aburu"

-"Zer ikusi, hura ikasi"

Paralelismoa: Hitz, egitura sintaktiko edo ideia bat errepikatzeari esaten zaio. Errepikapen teknika hau maiz erabiltzen da atsotitzetan:

-"Jagiko zara, hilgo zara"

-"Ezkur urte, elur urte"

Esaera askok paralelismo antitetikoaren egitura du: bi errealitate elkarren kontra ipintzen dira. Batzuetan aski da bi hitz aurrez aurre ipintzea: "atzerri, otserri". Baina gehienetan esaera zaharraren bi atalak osatzen dira:

-"Gizonak ekin, Jaungoikoak egin"

-"Eskale ona, emaile txarra"

-"Gaur irriz, bihar negarrez"

-"Arrats gorri, goiz eguzki; goiz gorri, arrats euri" -

"Izenak ez du izana"

Konparazioa: Zuzena izan daiteke: "amodioa arrosaren pare: usaina eta arantza" edo zeharkakoa: "hotsa eta hutsa ez dira elkarren lotsa"

3. ADIBIDEAK GAIKA


Atsotitzak sailka banatu ohi dituzte esaera zaharren biltzaileek. Horrela egin zuen Resurrekzion Maria Azkue lekeitiarrak "Euskal Herriaren Yakintza" izeneko hirugarren liburukian. Adibide gisa, honek egindako sailkapena erabiliko dugu:

Jaungoiko eta Santu izenekoak:


-"Jaungoikoa, bat eta bera nahikoa"

-"Jaungoikoari erreguz, beharrari mailuz"
-"Nor beretzako, Jainkoa guztiendako"

-"San Bizente hotza, neguaren bihotza"
-"San Simon eta San Juda, negua heldu da"

-"Santa Luzia eguna, argia gabe iluna"

Langintza dutenenak:


-"Errementariaren etxean zotza burruntzi"

-"Balizko olak burdinarik ez"
-"Ez dago obisporik lehen apaiz izan gaberik"
-"Hiltzea erregeak hausten ez duen legea"
-"Itsuen herrian okerrak alkate"

-"Marinelaren emaztea, goizean senardun, arratsean alargun"
-"Soinugilearen etxean oro dantzari"

Deabruari dagozkionak:


-"Deabrua zahartu, ez ordea ondu"
-"Deabruak eman, deabruak eraman"
-"Deabruak asmatu ez zuena, emaztekiak egin zuen"

Abere eta beste izaki bizidunenak:


-"Asto joan eta mando etorri"
-"Bi etxetako txakurra goseak hil"
-"A zer parea, karakola eta barea!"
-"Ahuntzaren umea antxume"
-"Ez utz eskuko txoria airekoaren menturan"
-"Mendiko txoria mendian laket"


Aldartezkoak, umoretsuak:


-"Usteak erdia hutsa eta beste erdia putza"
-"Hitzak ederrak eta putzak minak"
-"Hara bi: zu bat eta bestea ni"
-"Hartu eta emon, praileak ez ditu bi izen on"
-"Maria gurea gorule gaizto, haren atorrak zulorik asko"
-"Patxi, taloa jan eta ipurdia itxi"
-"Ura ez da solasgura"


Gorputzari dagozkionak:


-"Ogi gogorrari hortzak zorrotz"
-"Bururik ez duenak zango"
-"Begi guztiek ez dute egun batean negar egiten"
-"Bistan dagoenak ez du ispilu beharrik"
-"Bururik ez eta txapela nahi"
-"Ikusten ez duen begiak minik ez"
-"Irabaziak oinak arin"


Eguraldiari dagozkionak:


-"Eguzkia nora, zapiak hara"
-"Hitzak eta lumak eramaiten haizeak "
-"Arrats gorri, haizetsu; goiz gorri, euritsu"
-"Edozein da pilotu eguraldi ona denean"
-"Hegoaren ondotik euri"
-"Izotz urte, gari urte"


Etxekoak:


-"Etxeko sua etxeko hautsez estali"
-"Hobe da berotzen duen su ttipia erretzen duen su handia baino"
-"Aitak bildua, semeak barreia"
-"Alaba gaizki ezkondua, etxera laster"
-"Emaztearen indarra, negarra"
-"Umearen zentzuna, etxean entzuna"


Herri jakin bat edo gehiago aipatzen dituztenak:


-"Gezur bat esan nuen Getarian, ni baino lehen zen atarian"
-"Berez behar Villabonakoa"
-"Ataunen eta Zegaman, egunez ikusi eta gauez eraman"
-"Bizkaiko negua, garizuman"
-"Errezil, nekez bizi eta errez hil"
-"Larresorotarra zillarra, baina zitala"
-"Lekitto, barreak itto"


Urtaroei eta eguraldiari dagozkienak:


-"Abenduko eguna, argitu orduko iluna"
-"Geroa, alferraren leloa"
-"Apirila euritsu, urte hura ogitsu"
-"Denborak ontzen ditu intxaurrak"
-"Negua zaharren hilgarria eta gazteen zahargarria"
-"Urteak gailendu, ajeak azaldu"


Orotarikoak:


-"Aisa irabaz eta aisa igor"
-"Baleki gazteak, baleza zaharrak"
-"Bidaide, gogaide"
-"Izana, enea enetzat, zurea biontzat"
-"Hobea maiz onaren etsai"
-"Sekulan ez barka zure buruari, bertzeei beti"

1. UNITATEA: Gure Ahozko Euskal Literatura 4


IGARKIZUNAK

Igarkizuna, diotenez, amets egitea bezain zaharra da. Antzinatean uste zen jainkoek ametsetan etorkizunaren berri ematen zutela. Ametsak omen ziren etorkizunaren giltza. Ametsak, ordea, ez ziren argiak. Ametsek igarkizunen itxura zuten. Bibliako hainbat pasartetan amets-igarkizun hauen berri ematen da. Herodoto lehen historialariak ere, antzinate zaharreko historiaren berri ematean, Zirok, Persiako erregea zenak, asmatu zituen igarkizunen berri ematen du.

EREDUAK

Honatx euskal igarkizunen adibide zenbait:


"Mina da mina baina ez da piperra, gonak ditu baina ez da andrea, bizarrak ditu baina ez da gizona. Zer da?"


Erantzuna: "tipula"

Igarkizunak esateko orduan bazen formula bat Iparraldean. Hona hemen, esaterako, Cerquand-ek Zuberoan bildutako bat:

Çuc papaita, nic papaita, çuc gaiçoto, nic gaiçoto. Çer da?

Hori esan ondoren igarkizuna enuntziatzen zen.

Achurian chouri, bildoxian gorri, ardian beltch.

Ume denean zuri edo berde, gazte denean gorri eta zahar denean beltz. Zer da? Erantzuna "masusta" da: masusta berdetan berde da, gerora gorritzen da eta, azkenean, heltzen denean, beltz da.

Azkuek "Euskalerriaren Yakintza" bilduman jasotako igarkizun batzuk dira hauek:

1. "Txuri txuri, laxko, somatzen da gaixko."
(Oiartzun, Gipuzkoa)

AUDIOA: http://www.goear.com/listen/3506cd0/TXURI-TXURI-

2. "Arbole batek amabi adar, adar bakotxak laur abira, abira bakotxak zazpi arroltze"
(Itzaltzu, Nafarroa)

AUDIOA: http://www.goear.com/listen/e1420fd/ARBOLE-BATEK-

3. "Xuria bada, ezta irina; beltza bada, ezta ikhatza; mintzatzen da, mihirik eztu; kurritzen du, zamaririk eztu."
(Nafarroa)

AUDIOA: http://www.goear.com/listen/12d7e92/XURIA-BADA-

4. "Zer dan ta zer dan asmatu ezetz: burua beltx, ankak txuri."
(Gipuzkoa)

AUDIOA: http://www.goear.com/listen/f70382a/ZER-DAN-TA-ZER-DAN-

5. "Goizean lau oinean, eguerdian oin bian eta arratsean iru oinean dabilena"
(Bizkaia)

AUDIOA: http://www.goear.com/listen/fa75773/GOIZEAN-LAU-OINEAN-

6. "Beti sutan ta sekulan ez erretzen."
(Barkoxe, Zuberoa)

AUDIOA: http://www.goear.com/listen/d9ce5f6/BETI-SUTAN--

7. "Gelatxu ta gelatxu, gelarik adina damatxu."
(Txorierri, Bizkaia)

AUDIOA: http://www.goear.com/listen/c7deffa/GELATXU-TA-GELATXU--

8. "Ama zango-makur, alabara eder eta semea dantzari."
(Zaraitzu, Nafarroa)

AUDIOA: http://www.goear.com/listen/018ab04/AMA-ZANGO-MAKUR--