2010-09-05

1. UNITATEA. Gure ahozko euskal literatura 6


NARRATIBA


BALADAK



AUDIOAK

- Brodatzen ari nintzen http://www.goear.com/listen.php?v=6841d4e

Brodatzen ari nintzen, ene salan jarririk;

aire bat entzun nuen itsasoko aldetik,

itsasoko aldetik, untzian kantaturik.

Brodatzea utzirik, gan nintzen ama gana:

hean jaliko nintzen gibeleko leihora,

gibeleko leihora, itsasoko aldera.

-Bai, habil, haurra, habil, erron kapitainari,

jin dadin afaitera, hemen deskantsatzera,

hemen deskantsatzera, salaren ikustera.


-Jaun kapitaina, amak igortzen nau zu gana,

jin zaiten afaitera, hantxet deskantsatzera,

hantxet deskantsatzera, salaren ikustera.

-Andre gazte xarmanta, hoi ezin ditekena...

ipar haizea dugu, gan behar guk aintzina,

ezin ilkia baitut, hauxe da ene pena.

Andre gazte xarmanta, igan zaite untzira,

gurekin afaitera eta deskantzatzera,

hortxet deskantsatzera, salaren ikustera.


Andre gazte xarmanta zu sar zaite untzira,

han emaiten diote lo-belarra papora,

eta untzian lo dago gaixo haurra.

-Jaun kapitaina, nora deramazu zuk haurra?

zaluxko itzulazu hartu duzun lekura,

hartu duzun lekura, aita-amen gortera!

-Nere mariñel ona, heda zak, heda, bela!

Beti nahi nuena jina zaitak aldera,

ez duk hain usu jiten zoriona eskura.


-Jaun kapitaina, nora ekarri nauzu huna?

Zalu itzul nezazu hartu nauzun lekura,

hartu nauzun lekura, aita-amen gortera!

-Andre gazte xarmanta, hori ezin egina...

Hiru ehun lekutan juanak gira aintzina,

ene meneko zira, orai duzu orena.

Andre gazte xarmantak hor hartzen du ezpata,

bihotzetik sartzen ta hila doa lurrera,

aldiz haren arima hegaldaka zerura!

-Nere mariñel jauna, hauxe duzu malurra!

-Nere mariñel ona, norat aurtiki haurra?

Norat aurtiki haurra? Hortxet itsas zolara.

-Oi, ama, anderea, so egizu leihora...

Zur'alaba gaixoa uhinak derabila,

zur'alaba gaixoa uhinak derabila.


- Isabelatxu: http://www.goear.com/listen/ed4c942/Isabelatxu-balada

- Isabelatxu, Isabelatxu,

arren esan bat eidazu:

atian dauen kantore orri

etor dila esaiozu.

-Egun on asko euki dizule,

ontziko maisu gaztia.

-Alango asko ekar dizule,

linde damatxu gaztia.

-Aitek eta amak bialtzen neude

au kantatxuau ikastera.

-Au kantatxuau ikis nai bozu

erdu nerekin bordera.

-Eskerrik asko mile biderrez,

ez dot olango usterik,

aitek eta amak etxian neukie

neu ondo estimadarik.

Berbau aotik esan bazuen

ze sartu zioen kapapean,

sartu zioen kapapean ta

eroen zuen bordera.

Loberdatxu bet ipini neuntsen

bular biaren erdian,

linde damia loak daroa

bosteun legoa bidian.

Alan ta bere subertia zan

untziek alkar jotia,

ordu atantxe itxartu zala

linde damatxu gaztia.

-Eroan naizue, eroan naizue

aiten d'amaren errire.

-Aiten d'amaren errire joateko

bosteun legoak bear dire,

bosteun legoak olan eiteko

orren errezak eztire.

-Untziko maixu gaztea,

badezu kainabetea?

-Ezteukat kainabetarik

baina emongo deutzut saflea.

Emon zioten saflea eta

sartu zeuen biotzean,

ordu atantxe ilotzitu zen

linde damatxu gaztea.

-Ene mutilak, lagunek onak,

zer ingo'tsegu oneri?

-Intzentzoagaz intzentzatu te

erainotzagaz lurrundu,

linde damia zazpi astian

geurekin erabil daigun.

Ene mutilek, lagunek onak,

zer ingo'tsegu oneri?

- Emon deiogun zazpine mosu

bota deiogun ureri.

Emon zioten zazpine mosu

ta bota zioten ureri.

- Bereterretxeren khantoria. BI BERTSIO:

Mikel Laboa. http://www.goear.com/listen.php?v=46ce703

Benito Lertxundi http://www.goear.com/listen.php?v=9d85be5

Haltzak eztu bihotzik,

ez gaztanberak ezürrik;

enian uste erraiten ziela

Aitunen semek gezürrik.

Andozeko ibarra

ala zer ibar luzia!

Hiruretan ebaki zaitan

armarik gabe bihotza.

Berterretxek oheti

neskatuari eztiki:

- Abil eta so'gin ezan

gizonik denez ageri.

Neskatuak berala

ikusi zian bezala:

hirur dozena bazabiltzala

borta batetik bestera.

Berterretxek leihoti

jaun kuntiari goraintzi:

ehün behi bazereitzola

bere zezena ondotik.

Jain kuntiak berala

traidore batek bezala:

- Berterretx, bortala,

ützüliren hiz berala.

- Ama, indazüt atorra,

mentüraz sekulakua,

bizi denak ohit ükenen dü

Bazko-gaiherdi-ondua.

Mari-Santzen lasterra

Bost-mendietan behera!

bi belañez herresta sartü da

Lakarri Buztanobira.

-Buztanobi gaztia,

ene anaie maitia,

hitzaz hunik ezpalinbada,

ene semia juan da!

- Arreba, hago ixilik,

ez, otoi, egin nigarrik;

hire semia bizi ba-da,

Mauliala dun juanik.

Mari-Santzen lasterra

jaon küntiaren bortala!

- Ai, ei eta, jaona, nun düzie

ene seme galanta?

- Hik bahiena semerik

Berterretxez besterik?

Ezpeldoi altin dün hilik;

abil, eraikan bizirik.

Ezpeldoiko jentiak

ala sentimentü gabiak!

Hila hain hüllan üken eta

deüs ere etzakienak!

Ezpeldoiko alaba

Margarita deitzen dena;

Berterretxen odoletatik

ahürkaz biltzen ari da.

Ezpeldoiko bukata

ala bukata ederra!

Berterretxen atorretarik

hirur dozena ümen da.

- Leixibatxu zuria http://www.goear.com/listen/088d2d1/Leixibatxu-zuria-bizkaiko-balada

Leisibatsu zuria dozu, andratxu gaztea.

Ondotxu egosita, bai, aita praillea.

Eskutxu zuria dozu, andratxu gaztea.

Guantepean erabilita, bai, aita praillea.

Semerik edo badozu, andratxu gaztea?

Semetxu bi daukadaz, bai, aita praillea.

Semeak nun dituzu, andratxu gaztea?

Eskolak erakusten, bai, aita praillea.

Senarrik edo badozu, andratxu gaztea?

Senarra biajean, bai, aita praillea.

Ezagutuko al zenduke, andratxu gaztea?

Lengo erropakin baletor, bai, aita praillea.

Laztan bat emongo neuzu, andratxu gaztea.

Ibaia dago bitarte, bai, aita praillea.

Berton itoko al zara, andratxu gaztea.

Berori txalupa dala, bai, aita praillea.

Suak erreko al zaitu, andratxu gaztea.

Berori egurra dala, bai, aita praillea.

Agur, agur, agur, andratxu gaztea.

Beyoa ondo ondo, bai, aita praillea.

- Haika Mutil http://www.goear.com/listen.php?v=50b76e6

- Ana Juanixe http://www.goear.com/listen/6909236/Ana-Juanixe-bizkaiko-balada

Egun batian ni banenguan

kostela kostel gañian,

ni banenguan kostel saltzian

ezpabe gari saltzian.

Iru damatxu etorri ziran

bata bestien atzian,

irugarrenak pregunta eustan

gariak zegan zirian.

-Bestientzako dirutan eta

zuretzat laztan-trukian.

-Ez nagizula lotsatu, arren,

onelan plaza betian

onelan plaza betian eta

ainbeste jende artian.

Orrelan bere esan bazeustan

leku sekretu batian,

gariak eta zeu ta neu bere

an konponduko giñian.

Ama neuria labarako da

goiz edo arratsaldian,

paseito bat emoidakezu

ama laban dan artian.

Ama labatik etorri eta

mutil-usaiña etxian:

-Ana Juanixe, Ana Juanixe,

zein da dauana etxian?

-Katalinatxu auzokua da

beroi laban dan artian.

-Eztona ori Katalinatxu,

bizarra dau okotzian.

Itxagon daizu, mutil, itxagon,

argia piztu artian, argia piztu artian eta

ikusi zeu nor zarian.

-Ama, beorrek ez dauela nai

neure osasunik etxian;

biyotz illunak egiten yataz

argiya datorrenian.

Urten daik, mutil, urten daik, mutil,

alako bentanarian,

ama neuriak urten dagiyan

kanpora sospetxerian.

- Frantzie Kortetik: http://www.goear.com/listen/c7f16a8/Frantzie-Kortetik-balada

Etorri nintzanean

Frantzie-kortetik,

ama billatu neban

suitian tristerik.

-Zer egiten dau, ama,

orrelan bakarrik?

-Nobedade barriak

entzun dodaz, bai, nik.

-Zer nobedade barri

entzun dozu, ama?

-Ezkonetan zarela,

bai, seme laztana.

Nondikoa dakazu

zeure emaztea?

-Frantzie-kortekoa,

bai, ama neurea.

-Ez dot gure prantzesik,

ain gutxi errenik.

-Esan dodan berbiaz

urten biar dot nik.

-Esan dozun berbiaz

urten biar bozu,

urten bidera eta

il ein biar dozu.

-Ain de polita, ba, ze

nire emaztea...

Ez da posible, ama,

nik ori eitea.

-Zuk ezpozu posible

artu anaijia,

anaije gaztea ta

estudiantia.

-Juanita, jatxi zaite

zaldien gañetik,

sar daitzudan puñal au

biotzen erditik.

-Ai orren puñalaren

puntien zorrotza!

Ikusiz beste barik

ilten deust biotza.

Zazpi zaldi deukadaz

ixeraz jantzita:

zortzigarrentxoa barriz

perlaz estalita.

-Orrez gañera dekot

urre-kalizia,

urre-kalizia ta

sobreprelizia.

Arek emongo'tzudaz

ixtiarren bizirik.

-Arek neuretzat baña

ez itxi bizirik.

-Kanpai bat entzuten dot,

ez dakit nongoa;

iguel izango da

agoniekoa.

Abadea ekar izu

konfesatu naiten,

animaren okerrak

arteztu daidazen.

-Abadea urrin dago,

eliza urrinago;

oin orretan asteko

asti gitxi dago.


Erromantzeak edo baladak

Istorio bat kontatzen duen poema horrek deitura desberdinak izan ditu euskal literaturaren historian. Gehien erabili dena, agian, "erromantze" izan da, erromantzea ere, azken batean, historia bat kontatzen duen poema bat da-eta. Baina deituren desberdintasunean kontzeptu desberdintasunak ere badira, eta definizioaren barnean kontu hau argitu behar da.

Berez balada izango litzateke hitzik orokorrena, Europa osoan zehar ezagutzen dena, bertokoak baitira baladak; erromantzeak baladen generoaren barnean gertatzen den berezitasun eta zehaztasun joera baten seinale dira. Orokorraren barnean geratu den espezializazio jakin baten adierazpide.

Diogunez, poema narratibo guztiak dira baladak, baina badira batzuk, beren berezitasunengatik erromantze direnak. Ilun geratzeko arriskuan bada ere, esan dezakegu erromantze guztiak direla balada, poema narratiboak diren heinean, baina balada guztiak ez direla erromantze, hauek hartu dituzten berezitasunak ez dituztelako. Erromantzeak baladen artean azpimultzo bat dira.

Zeintzuk dira erromantzearen berezitasunak?

Erromantzea eredu hispanikoan gertatu da, hau da, Espainian eta Portugalen lehendabizi eta horien hizkuntzak zabaldu diren herrialdeetan gero (Hego Amerikan, baita, sefardien bidez, Mediterraneo itsasoaren hegietan ere).

Berezitasunik argiena, metrikan datza:

- Erromantzeak neurri jakinak ditu: 8 silaba, etena, gehi 8 silabaz osaturiko bertso lerroa, errima asonantikoa, hau da, bokalez soilik egina. Inoiz banandu egiten da 16 silabako bertso lerro hori eta 8 silabako bitan ematen da, eta orduan bertso lerro bakunek ez dute errimarik, pareek, aldiz, bai.

- Baladek, ordea, oso neurri desberdinak darabiltzate, finkatu gabe daude bertso lerroen neurria eta errima mota. Euskal Herrian, adibidez, koplak erabiltzen dira ugari (8/8/10/8), baina bada erromantze bat 8/8 neurria duena: "Beotibarko kantua". Kontapoema honetan erromantze hispanikoaren neurri metrikoak betetzen dira.


Gaiari dagokionez:

- Baladetan gehiago erabiltzen dira gai harrigarri eta fantasiazkoak.

- Erromantzeek, aldiz, joera errealista dute.

Bereziki, metrikak bereizten du euskal balada erromantzeetatik, eta "erromantze" deitura oso zabalduta dagoen arren, nahiago izan diogu kontapoesiaren genero honi balada izena eman. Euskal poesia mota honetaz egin den azken bilduma bikainean, ordea, Aita Antonio Zavalak egin duenean, "erromantze" deitura hobetsi da.

KRONOLOGIA

Une kronologikoaren zehazpena

Euskal baladen multzoa ez da oso aberatsa, ez dugu corpus moldatu aberatsik. Dugun tradizioa urria izan arren, azken urteotan asko aurreratu da baladen azterketa egiteko metodologian, eta beste herrialde batzuetan gertatzen den bezala, euskal tradizioaren altxor hori asko baloratu da gure gizartean ere.

Herri literaturaz ari garenean une kronologikoa zorrotz zehaztea oso arazo korapilatsua da. Segurtasun osoz ezin da esan noizkoa den balada bat, nahiz eta jakin gertakari baten ingurukoa dela. Adibide polit bat bada euskal baladaren historian gai honetaz. Bada euskal balada bat "Goizian goizik" izenez ezagutzen dena. Bertan ezkontza egunean alarguntzen den emazte baten kantua dator, eta bertso batean senarraren izena aipatu ere egiten da: "Musde Irigarai, ene jauna...". Jean Jaurgain ikertzaileak baladen oinarrian gertakari historikoa ezkutatzen zela sinetsi eta metodologia historiografikoa erabiliaz aurkitu zuen bere ezkontza egunean hil zela Irigarai jauna, 1633. urtean. Beraz, haren aburuz, baladak urte horren ingurukoa izan behar... Baina, ondoren, Diego Catalanek frogatu zuen balada lehenagotik ezagutzen zela, nolabait esateko istorioa (hau da, ezkontza egunean alarguntzen den emaztearen istorioa) lehendik zetorrela, eta Irigarai eta bere emaztearena gertatu zenez, istorioa pertsona hauei egokitu zitzaiela. Horrenbestez, balada ez da urte horretakoa. Beste alde batetik, baladak berak, nolabait esateko, badu alde historikoa, baina badu fikziozkoa ere: emazteak zazpi urtez gordetzen du senarraren gorpua, eta, ondoren, beste jarraipen bat badu baladak, "Juan de Flores" izenarekin ezagutzen dena.


Kontuan hartu beharreko datak

Kronologiari gagozkiola, zalantzak sortzen zaizkigu. Balada bat noizkoa den segurtatzeko hiru data desberdin hartu behar dira kontuan: baladaren lehen jasoaldia, hots, noizkoa den gaur ezagutzen dugun lehen aldaera (agian, idazkira pasaturiko beste bertsio edo aldaera batzuk galdu egin dira); baladak aipatzen dituen gertakariak noizkoak diren; noiz jaso den balada hori euskal eremuan.

Lehenbiziko arazoa dela eta, "Neska ontziratuaren balada"ren lehenbiziko aldaera Albaniakoa da, XII. mendekoa (Ikus "Brodatzen ari nintzen"). Hori da ezagutzen dugun lehen aldaera.

Bigarrena, noizkoa den aipatzen den gertakaria, baldin kontatzen dena historikoa bada. Jaurgainen lanari eskerrak, badakigu "Bereterretxeren kantorea" 1434-1449 urte artean izandako gertakizun historikoak aipatzen dituela, "Atharratze jauregian" adierazten dena 1584. urtean gertatu zela. Lehen adierazi denez, badakigu, gainera, Musde Irigarai 1633. urtean ezkondu zela eta ezkondu zen egunean hil zela. Baina, irudimen erromantikoak hori nahi badu ere, ezin da baieztatu gertakaria eta balada lotuta daudenik. Irigarai ezkondu eta hil zen eguna baino lehenagotik zen Irigarairena bezalako historia kontatu zuen balada. Irudimen erromantikoak eta honi atxikitako historiak beti adierazi dute herriak ahoz kontaturikoaren azpian gertakari historikoa dagoela. Gerta liteke, adibideotan ikusten denez, hala izatea. Dena dela, beste balada asko ezin dira gertakari historikoekin lotu, adibidez, "Neska ontziratuaren balada" bera, edo "Frantziako andrea".

Hirugarrenez, ziurtasunez jakin dezakegun gauza bakarra zera da, alegia, noiz argitaratu edo bildu den lehen aldiz gure artean balada bat. Bilketa lanen historia da azken batean balada baten historia. Noizkoa da balada bat? Jaiotzen den unekoa ala biltzen den unekoa? Noiz jaio zen jakiteko modurik ez dagoenez, esan ohi da balada bat bildu den garaikoa dela, izan ere, ahotik ahora datorren produkzio guztia bizirik badago, bizi den garaiarekin lotua dagoelako baita.

HEDAPEN GEOGRAFIKOA

Geografiari dagokionez, euskal eremuaren bazterretan bildu dira batez ere baladak:


Bizkaian, Bermeon, Lekeition eta Ondarroan bildu dira batik bat itsasoarekin lotura duten baladak edo gaia itsasoari buruzkoa dutenak. Markina aldea da baladen beste harrobi handia, baita Gernika ondoko Ereño eta Arteaga ere. Baina ororen gainetik Arratia haranean egin dira azterketarik sakonenak eta bera da Bizkaiko balada bilduma-lekurik aberatsena.


Iparraldera joz gero, batez ere zuberotarrak (Sallaberry) izan ziren lehenbiziko baladen testigantzak bildu zituztenak. Zuberoakoa da "Bereterretxeren kantorea". Nafarroa Beherean ere bildu izan dira baladak ("Goizian goizik" ).


BALADEN EZAUGARRIAK

SARRERA


Baladen definizioak dioenez, baladaren ezaugarri orokorrak bi dira:

· Poesia dira, bertsotan emanda daude.
· Istorio bat kontatzen dute.


Konta-poesiaren eremuan sartzen dira beraz, baina konta-poesiaren esparruan genero berezia da, tradizionala delako, hau da, ahoz aho eta kate luze batean eratzen joan delako. Beste modu batez esateko, balada bat aldaeretan bizi da, bertsioetan alegia, ezin da-eta egiaztatu testu "jator" bakar bat badagoenik. Jakina, badira balada bertsio osatuagoak edo murritzagoak, aberatsagoak edo txiroagoak, kontakizun haria ongi moldaturik dutenak edo narrazioa etenez beterik eskaintzen dutenak... Genero bat tradizionala dela esateak egitura zabalik duela esan nahi du, egokitzen, moldatzen ari dela, eta aldaketak dituela, garaiarekin orekan bizi dela, garaia aldatzen den neurrian testua ere aldatzen dela.

"Neska ontziratuaren balada" ezaguna, esate baterako, Bizkaian "Isabelatxu" izenez ezagutzen da eta Iparraldean, aldiz, "Brodatzen ari nintzen" izenez. Berez balada bera izan arren bi bertsio oso desberdin eman ditu leku eta denbora desberdinetan. Horrelako beste hainbat adibide ere baditugu.


EZAUGARRI NAGUSIAK

Ahozko generoa denez, memoria errazteko, testua errazago gogoratzeko ahozkotasunaren oinarrian diren bost ezaugarriak nabarmenduko dira genero honetan. Ahozkotasunean edozein generori dagozkion bost ezaugarriak hauek dira:

·Musikaltasuna: hitzak musikaren laguntzaz gogoratzen dira, bai, baina hitzek eurek ere beren musikaltasuna dute, erritmoan eta, batez ere, aliterazioan gorpuzten dena. Bertso lerro honetan adibidez: "Izar ederra argitu jaku zeru altuan bakarrik", "izar", "ederra", "argitu" silaba jokoak soinuen errepikapenarekin aliterazioa sortzen du eta musikaltasuna areagotzen.

·Paralelismoa: aho literaturan dagoen adierazpiderik erabiliena da berau. Esaldiak pareka ematen dira aho literaturan, bitan agertzen dira oroimenera gogoz eta egoki ekartzearren:

"Zazpi aingeru aldean ditu zortzigarrena gaixorik /
zazpi mediku ekarri deutsez India-Madreletatik"

("Testamentuarena")

Zazpi aingeru/ zazpi mediku sintagmak parekaturik agertzen dira.

·Errepikapena: paralelismoaren beste alderdi bat da. Aurreko adibidean, zazpi hitza errepikatu egiten da eta aingeru/ mediku "paralelizatu".

·Kontrajartzea: joskera edo morfologiari erreparatuz gero, paralelismoa egiten da kontrajartzean ere, berez egitura morfosintaktikoa berdina baita, baina hitzen esanahia kontrajarrita dago maila semantikoan, egitura berdintsua eta esanahia kontrakoa baitituzte: "Bestientzako dirutan eta zuretzat laztan trukian" ("Egun batian ni banenguan")

·Zenbakien erabilera sinbolikoa, bereziki "Hiru" (eta "zazpi"): Hau da ahozkotasunaren azken ezaugarria. Hiru zenbakiaren inguruan zenbait maila desberdin osatzen dira aho literaturan. Adibidez, pertsonaiak askotan hiru dira: "Iru damatxo etorri ziran / bata bestien atzian"("Egun batian ni banenguan"), edo hiru zatitan banatzen da esaldia: "Kapoiak dagoz erretzen / oilaskotxuak mutiltzen / orrek ondo erre artean" ("Peru gurea") edo galdera erantzunak hiru aldiz errepikatzen dira, "Frantziako andrea"n gertatzen den legez, edo hiru ekintza nagusi kontatzen ditu baladak.

Bost ezaugarriok ahozko literaturan orokorrak badira ere, baladak bere bereak ditu diskurtso mailan.

Elkarrizketa

Ekintzak dramatizatu beharrak pertsonaien elkarrizketa indartzea dakar. Narrazio-poemak direnez, aditza maiz agertzen da; baita espazio eta denboraren jauziak ere. Hauxe lortu nahi da: entzuleak arretaz entzutea, entzuleak parte-hartzea. Diskurtsoaren erretorikari bagagozkio, hauek dirateke baladetan agertzen diren adierazpide nagusiak: lehen ahapaldiak joko berezia du, hor, normalean pertsonaiak elkarren artean bortizki kontrajarrita ageri dira, honela entzulearen arreta eta jakin-mina pizteko; adjektibazioa urria da eta epiteto homerikoa nagusitzen da. Esate baterako, "Isabelatxu" deritzan baladan elkarrizketan agertzen dira lehen ahapaldietatik neska ontziratua eta ontziko maisua. "Isabelatxu, Isabelatxu, arren esan bat eidazu: atian dauen kantore orri etor dila esaiozu. Egun on asko euki dizule, ontziko maisu gaztia. Alango asko ekar dizule, linde damatxu gaztia."


Baladen Sinbolismoa edo motiboak

Motiboak bigarren esanahi sinbolikoa duten hitzak dira. Baladak bere hiztegi propioa osatu du eta hiztegi horretako "hitz" bakoitzari, edo hitz multzoari, motibo esan ohi zaio. Esaten duena baino gehiago adierazten du, eta baladen zeinu sarean agertuko da bere esanahia.

Adibidez, garbi dago hainbat objekturekin, janariarekin edo dantzarekin lotuak agertzen diren hitzen azpian ekintza sexualak ezkutatzen direla. Metonimia sexualok gaur egun gazteen hizkeran erabiltzen direnen antzekoak dira. Motiboek entzuleari informazio sinbolikoa ematen diote, eta maiz sexuarekin lotuak agertzen dira adierok, baina ez horrekin bakarrik, izan ere gizartearen eratze prozesuari lotuak ere ager daitezke, edo erlijioari lotuak, edo edozein instituziori atxikiak. Motibo folklorikoek baladak interpretatzeko bidean jartzen gaituzte.

Esate baterako, "Neska ontziratuaren balada"n ("Brodatzen ari nintzen" beste hitzez esateko) bere buruaz beste egiteko neskatxak ezpata erabiltzen du. Ukaezina da tresnak duen adiera falikoa.

Beste sinbolo edo motibo batzuk, ordea, gaur egungo entzule batentzat ezkutuak dira. "Goizizan Goizik" baladan senarrak "Mundu ororen isilik eta Jainko jaunari ageririk" ezkondu dela maitetxoaz dioenean, ziurrenik garai batean (Elizak ezkontzak arautu bitartean) usu egiten ziren ezkontza sekretuaz ari da.

Zaila da, beste aldetik, "Bereterretxeren kantorea"n Jesusen Pasioaren arabera eraturiko narrazioa ikustea lehen irakurraldian behintzat (J. Juaristik azaltzen du, "Flor de baladas vascas", 1989). Balada hau motiboz beteriko balada da, eta motiboen irakurketa garaiko gizartearen ohituren ezagutzarekin loturik dago.

Motiboak alda daitezke. Testuak gizartearekin gorde behar duen orekaren arabera, testuek ulergarri izan behar dute, eta tresnaren bat ez bada gizartean erabiltzen, alferrekoa litzateke testuan gordetzea. Horrela, "Neska ontziratuaren balada" (ikus "Brodatzen ari nintzen") baladaren ekintzan "objektu ziztatzailea" izan behar du beti, neskatxak bere buruaz beste egin dezan. Baina bertsio desberdinetan desberdina da tresna hori. Hasieran "ezpata" da, ordea gizartean ezpatarik ez denean, eta horren ezagutza galzorian dagoenean, eguneroko bizitzara hurbiltzen dira baladaren esale eta interpretatzaileak eta "ezpata"ren ordez "aiztoa" jartzen dute, edo "guraizeak" emakumeen lanari hurbilduz: baladaren transmititzaile nagusiak emakumeak direla ezin da ahaztu.


Motiboak metonimian (metaforan baino gehiago) oinarritzen dira, eta honetan ahozko estetikarekin bat datoz, oralitateak maiteago baitu zehatza dena abstraktoa baino. Adibidez, "ezpata" objektu zehatza erabiltzea "indarra" abstraktua baino.
Metonimia adierazpide garrantzitsua da, zehatza abstraktuaren ordez agertzen duelako ez ezik, ekintzen bisualizaziorako lagungarri delako. Entzunez batera, baladak ikusi egin behar dira, eta horretarako metonimiak oso baliagarriak dira. Ahozkotasuna oso dinamikoa denez, ez du deskripziorik ematen, horren ordez, ikusarazi egin behar du pertsonaia. Har dezagun "Frantziako andrea" balada eta aztertu nola deskribatzen den Juanita. Juanita zaldiz dator. Zaldia ikusi egin behar da: aberastasunaren sinboloa da, edertasunarena, indarrarena. Baina zaldiak "izaraz" jantzirik eskaintzen ditu Juanitak bere bizitzaren ordez, eta izararen zuritasunak deigarriago egingo ditu zaldiok. Baina zortzigarren zaldia "perlaz estalita" dator, eta, orduan, goia jo du argitasunean bertsoak.

Metrika moldeak

Metrikari dagokionez molde metriko asko erabiltzen da baladetan. Ez da hor arau jakinik, nahiz eta ezaugarri orokor batzuk badiren. Oso neurri desberdinekoak dira baladak, ordea horietan denetan bada kopla itxurako errima moldea erabiltzeko joera. Esan nahi da, bertso-lerroz lauko ahapaldiak dira nagusi, eta beti pareek eramaten dute errima. Adibiderik ezagunena, "Frantziako andrea"izango litzateke:

"Etorri nintzanean
Frantzie kortetik,
Ama billatu neban

Suitian tristerik".

Bertso lerrook Iparraldeko idazkera moldean ematen direnean bi bertso lerro izaten dira, eta orduan bi bertsoak errimadunak dira. Kasu honetan etena egiten da bertsoaren erdi aldean.

"Etorri nintzanean Frantzie kortetik
Ama billatu neban suitian tristerik".

Baina molde metrikoak asko dira.

Aipaturiko baliabide horiez gain, hots, ahozkotasunak, formulek eta motiboek utzi duten aztarnez gain, adierazpide poetikoari dagokionez, esan behar da, baladek oso mintzaira landua erakusten dutela, baina beti "ulergarri" eta "natural" agertuz, entzuleagana zuzen-zuzen heldu behar baita.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.