2010-09-06

1. UNITATEA. Gure ahozko euskal literatura 5

BERTSOLARITZA.
TRADIZIOTIK EZ DATORREN LIRIKA

1. DEFINIZIOA

Xabier Amurizak dioenez, bertsolaritzaz mila gauza esan da: arte bat da, euskal kulturaren esentzia, folklorearen adar bat, ahozko literaturaren ardatza, euskararen euslea. Hain gauza onak ez direnak ere esan dira bertsolaritzaz: arte pobrea da, jende ezjakinaren adierazpidea, formula batzuen errepika ia mekanikoa, arte zakarra.

Arbuioen aurretik, eder ala zakar den pentsatzen hasi aurretik, bertsolaritza dibertsio bat dela esatea ez da oker handia. Dibertitzeko modu bat, jolas bat dela ere esan daiteke. Jokoa dela, berriz, ezin da ukatu (txapelketak, lehiak…).

Beraz, hizkuntzan oinarritutako dibertsio mentala da bertsolaritza, jolas, kirol eta joko izateko gaitasuna duena testuinguru eta egoera zehatzetan.

Jon Sarasuak, komunikatzeko tresnatzat du, batez ere, bertsolaritza.

Juan Mari Lekuonak "Ahozko Euskal Literatura" liburuan, bertsolaritzak esanahi garbi eta zehatza duela dio: bat-bateko bertsogintza adierazten du, hau da, herri poetak bat-batean egiten ditu bere poemak usadiozko pentsamoldeari eta teknikari jarraituz.

Bertsolaria herri poeta da, dohain jakinak ditu, usadiozko altxor denona dena moldatuz eta aldatuz bere poemak bat-batean sortu eta abesten ditu. Bertsolaria ez da agortzen aldez aurretik asmaturiko poemak kantatze hutsarekin, juglareek eskuarki egiten zuten antzera. Beste kantagintza batzuetan garai eta leku desberdinetan egiten diren bi gauza, bertsolariak bertan eta une bakoitzean egiten ditu: kreatu eta interpretatu.

Jon Kortazarrek, "Euskal Literaturaren historia txikia" liburuan, bertsolaritza herri literaturaren genero bat dela azpimarratzen du: entzuleen aurrean, bat-batean sortuz edo aldez aurretik espresuki idatzitako ahapaldiak kantatuz, egin ohi den jarduna.

Miman Parry-k iritzi hau eransten dio ahozko genero honi: Homeroren poemekin gertatu omen zen bezala, bertsolaritzan ez da ezerezetik sorturiko bat-batekotasunik gertatzen, errepikatze bat baizik.

Ruth Finnegan-ek dioenez, memoriak bat-batekotasunak baino lan gehiago egiten du. Bertsolariak, bat-batean, almazenetik ideiak ateratzen ditu eta formulak aplikatzen, eta hori artetzat du.

Jon Juaristik, berriz, azpimarratu egiten ditu generoaren baldintza tradizionalak: "Inprobisatzaileak talde profesionalak edo erdi profesionalak dira, eta horietara lantze prozesu luze baten bidez iristen da".

2. KOKALEKUA

Dena dela, bertsolaritza ez da Euskal Herrian soilik sortu den fenomenoa. Lehen eta orain, munduko herrialde askotan ezagutu den eta ezagutzen den gertakaria da bat-bateko bertsolaritza. Aipagarriak dira, mundu zabalari begiratuz, Kubako dezimistak, Argentinako payadoreak, Errusia zaharreko kantari kosakoak, Eskandinaviako kantari repentistak, Portugalgo kantadoreak, Polinesia, Afrika, Mexiko, Britainia, Gales, Galizia, Andaluzia, Menorca eta besteetako inprobisatzaileak.

Historian atzera eginez, Biblian, eta Greziako eta Erromako literaturan ere agertzen zaizkigu bertso jardunaren aztarrenak.

Bertsolaritzaren antzinatasunari dagokionez, bertsolariak artzain giroan du bere kokalekua. Bertsolariak klasikoen aurreko mundu hura islatzen duela uste da. Literatura klasikoan ageri denez, artzainak apustuan aritzen ziren bat-bateko bertso saioak egiten. Hortik dator aspaldiko esaera: "bertsolaria: nekazari txarra, baina ez artzain txarra".

Euskal Herrira itzuli eta bertako bertsolaritzari begiratzen bazaio, 1801era arte dena ilun ageri dela esaten digu Aita Zavalak: puska txiki batzuk baino ez dizkigu gorde oroitzapen kolektiboak. Urtemuga horretatik honantz, ordea, bertsoari buruzko xehetasunak zuzenagoak dira eta ugariagoak. Ahozko tradizioa ez dator hain urrutitik, hots, gure aiton-amonen mundua jasotzen duenez, nahiko zehatza eta aberatsa da.

XIX. mendea arte euskaldunek izadiarekin zituzten harreman zuzenek eta elizatik jasotako mezuak garrantzia handia zuten. Horiek herriak buruan hartu ditu eta honela belaunaldiz belaunaldi ia euskal herri euskaldun osora hedatu da bertsolaritzaren tradizioa. Baserria, etxeko sukaldea, artazuriketa, herrietako azoka eta ganadua zaintzen pasatutako orduak... izan dira guganainoko eskailera osatu duten urratsak.

Horiek horrela, azken 200 urteetara gatoz izenez eta goitizenez ezagutzen ditugun ondoko bertsolari hauekin: Pernando Amezketarra, Juan Ignazio Iztueta, Txabalategi, Zabala, Izuela, Mardo, Etxahun, Otsalde, Bordel…

3. EZAUGARRIAK

Sarrera

Bertsolaritzaren ezaugarriak aipatzean, zein arloz ari garen argitu behar da. Bertsolaritzak bi adar ditu, bata bestea bezain funtsezkoa: bat-bateko bertsoak eta bertso jarriak. Bertsolari tradizionalek adar biak landu dituzte. Are gehiago, gerra aurreko bertsolari handiak bertso jarrietatik ezagutzen ditugu batez ere. Xenpelarrek, adibidez, nola inprobisatzen zuen apenas dakigun ezer.

Edonork ikus dezakeenez, bat-bateko bertso saioaren eta bertso jarrien ezaugarriak ez dira berdinak. Bi horien arteko berezitasunak oso nabarmenak dira.

Bat-batekotasuna

Bat-batekotasuna, berez, bat-bateko bertsogintzan bakarrik gertatzen da: bi une guztiz berezik eta desberdinek bat egiten dute, sortzeak eta interpretatzeak, alegia. Bertso jarrietan bi une horiek ez dute bat egiten (kantariek kantatzen dituztenean, esaterako).

Bat-bateko bertsoak dira, esate baterako, Lazkao-Txikik ispiluari jarritakoak. Egoera horretan, bertsolariak testuinguruari buruzko aipamen gutxi egiten du; esate baterako, ez du "ispilua" hitza behin ere esaten, entzuleek ikusi egiten dutelako nori ari zaion kantatzen. Egoera horretan espresibitateak du garrantzi berezia.

Bertso jarriak dira, aldiz, Bordaxurik jarritako "Galerianoaren kantuak". Bere bizitzako gorabehera nagusiak azaltzen ditu zehaztasun handiz data, leku eta gertakari konkretuak aipatuz.

Jendaurrean

Jendaurrean egiten dira beti bat-bateko saioak, horrek dituen eskakizun guztiekin: bertsoa kantatu egin behar da, bertsoa antzeztu egin behar da, publikoagana iritsi behar da bertsolaria, unean uneko eta tokian tokiko arrazoi-erantzunak erabili behar dira laburbilduz, entzulea ukitu eta liluratu behar da. Esate baterako, Anjel Mari Peñagarikanok txapelketa batean gaia emanda bota zituen 'Maitasuna da bizi izateko' izeneko bertsoetan ikus daiteke nola lotzen zaion jarritako gaiari: "zure emaztea beste batekin dabilela jakin duzu".

Bertso jarrietan prozedura oso desberdina da: gai baten inguruan bertsolariak bakardadean gogoeta egiten du, bere barruaren hustuketa egiten du; eta, gero, interpretatzeko garaian, berak nahi duen bezala antola dezake jaialdi-emanaldia musikaren laguntzarekin, ahotsekin jokatuaz-eta. Bertso jarriak dira, esate baterako, Pedro Mari Otañok Txepetxari jarritakoak, eta haren itxura eta portaera labur eta biribilki deskribatzen ditu.

Hizkuntza

Hizkuntzari dagokionez, arlo bakoitzak bere ezaugarriak ditu: ahozko hizkeraren ezaugarrietako bat arintasuna, bizitasuna da. Irudiak eta ideiak azkar mugitzen dira, beharrezkoa ez dena isildu egiten da, elipsiak egoki tartekatzen dira eta logika-senari eta arrazoibideari ongi atxikitzen zaizkio. Jendaurreko hizkuntzak badu bere tradizioa. Jakina, hemen ere aldeak izango dira inguruko giroaren arabera (etxean, lagunartean, komunikabideen aurrean, hitzaldi aretoetan…). Esate baterako, jaialdi batean eman zioten gaiari lotuz Xalbadorrek emazte zenaren soinekoari jarritakoak.

Bertso jarrietan, aldiz, beste arau batzuek agintzen dute: idatziak direnez, landuagoak izaten dira bai hizkuntzaren aldetik, bai teknikarenetik, halaber mezuaren eta arrazoiketarenetik. Honen eredu garbiak dira Otsaldek jarritako "Gaztetasuna eta zahartasuna".

Funtzio desberdinak

Funtzio desberdinak dituzte bat-bateko bertso saioek eta bertso jarriek, genero beraren adarrak izan arren. Bertsoa egiteko sistema ere desberdina da. Bat-bateko bertsoetan, askotan, entzuleak entretenitzea, zirikatzea eta umorea jartzea izaten du bertsolariak helburu, eta horretarako egoeraren alderdi xelebreak azpimarratzen ditu. Esate baterako, Txirritak Pello Errotari zuzenduriko agur bertsoek Asteasukoaren erantzuna probokatzea dute helburutzat. Bertso jarrietan, berriz, helburuak bestelakoak izan daitezke. Besteak beste, gertakizunei buruz norberaren ikuspuntua ematea, norberaren gogoetak aditzera ematea edota istorio bat kontatzea. Esate baterako, Izuela artzaiak galdutako bere txakurrari jarritakoak ("Txakur txiki gorritxo bat").

Dena dela, Amurizaren ustez, elkarren osagarri dira bi adar horiek, izan ere, bertso jarririk gabe, bat-bateko bertsolaritza asko txirotuko litzateke.

Bertso saioa
BIDEOAK
1967ko Bertsolari Txapelketa. http://euskaltube.com/play.php?vid=4497
2008ko Bertsolari Txapelketa. Bizkaiko finala. http://www.youtube.com/watch?v=uERuratOUMo
2008ko Bertsolari Txapelketa. Nafarroako finala. http://www.youtube.com/watch?v=b--u-yrKLy8
2008ko Bertsolari Txapelketa. Ipar Euskal Herriko finala. http://www.youtube.com/watch?v=WxVzsI9Xi_c&feature=related
2008ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko agurra. Amets Arzallus. http://www.youtube.com/watch?v=ZTqNg7vt3u4

Bertso saioa bertsolariak eta entzuleak bat egiten duten emanaldia da. Bertsolariaren ezaugarriei begiratzen bazaie aldaketa handiak sumatuko dira lehengoetatik oraingoetara. Entzuleen artean ere beste horrenbeste. Bizitza aldatu den heinean aldatu egin da bat-batekotasunaren ingurumari guztia. Ikus dezagun zeintzuk diren aldaketarik nabarmenenak:

-Orain dela gutxi arte, bertsolaria baserri girokoa izan da. Azken urte hauetan, aldiz, bertsolariak eskolatu egin dira, gehientsuenak Unibertsitatean ikasiak dira, eta, bestalde, bertso eskolen mugimenduak ere eragin handia izan du.

-Entzuleari dagokionez, gauza bertsua esan daiteke: orain dela gutxi arte, entzule heldua eta baserri-mendi-herri txikietako giroa nabaritzen zen bertso saioetan. Azken 20 urte hauetan, bertsolaritza kaletartu egin da, gizarte maila guztietako jendea ikus daiteke bertsoak entzuten, eta, batez ere, saioetara jende gaztea hurbiltzen dela sumatzen da.

-Bertsolaritza komunikabideetan sartu da, eta, ondorioz, horren hedadura eta ezagutza Euskal Herriko bazter guztietara iritsi da. Honen eraginez, jolas eta joko izatetik, ikuskizun izatera heldu da. Gainera, bertsolariak, lehen urrutiko izar zirenak orain artista hurbil dira.

-Bertso moldeari dagokionez, alde nabaria da lehengo bertsolarietatik gaurkoetara: lehen entzule bateratuagoa zenez, hizkuntzaren erregistroak berdintsuak zituzten bertsolari guztiek. Gaur egun, aldiz, entzule nahasiagoa ikusten denez plazetan (zaharrak, gazteak, ikasiak eta ikasi gabeak...) hizkera ezberdinak egiten dira. Ondorioz, bertsolariak ere, hizkuntza erregistro diferenteak erabiltzen ditu giro eta egiteko desberdin bakoitzari dagokion hizkuntza plazaratu nahirik.

-Modu berean, bertsoaren arau teknikoak beste era batera betetzen dira orain (errima aberatsagoak, doinu desberdin gehiago, betelana egiteko forma berriak, gaiaren tratamendu zabalagoak, ironia beltza eta abar.)

4. METRIKA ETA BALIABIDEAK

Sarrera

Bertsogintza ahozko literaturaren genero bat denez, edozein literaturaren baliabideak erabiltzen ditu: fonikoak (onomatopeiak, hitz-jokoak), sintaktikoak (ordena aldaketak, paralelismoak…), irudizkoak (metaforak, konparazioak…). Bada, ordea, bertsolaritzaren sortze teknika bereziki karakterizatzen duen ezaugarri bat: atzekoz aurrerako teknika erabiltzen da bertso bat osatzerakoan, hau da, lehenik, ideia nagusia bilatzen edo pentsatzen da, eta gero, bukaera emango dion ideia nagusiaren arabera tolesten dira beste guztiak.

Metrikaren aldetik, bertsolaritza egituratzeko unitatea bertsoa da, ahapaldia edo estrofa esaten dena.

Ahapaldi edo bertso batek hiru arau nagusi bete behar ditu:

· Kantatu ahal izateko doinua behar du.
· Molde bakoitzaren arabera silabak ondo neurtu behar dira.
· Puntu bakoitza errimatu egin behar da.

Kantatu ahal izateko doinua behar du

Bertsoa edo ahapaldia kantatu egin behar dela kontuan izanik, kantatzeko doinua edo airea behar da. Doinua hitzaren laguntzailea da. Ehunka dira Euskal Herriko bertsolariek erabili zituzten eta erabiltzen dituzten doinuak. Euskal kantutegiko doinuak, elizakoak eta abesti ezagunak erabiltzen dira gehienbat. Azken urteotan, doinu berrien ekarpena sumatu da bertsolarien artean, norberak osatuak batzuk eta musikari baten laguntzaz eginak besteak. Neurri mota bakoitza doinu askotan kanta daiteke.


Molde bakoitzaren arabera silabak ondo neurtu behar dira.

Hauxe da bertso teknikaren gauzarik zailenetakoa, ez baita nolanahi neurtu behar, oso zehatz baizik. Gaizki neurtzen baldin bada, ezingo da ondo kantatu. Beraz, neurria oso zehatza da. Esaldiek doinuarekin batera joan behar dute, eta doinua amaitzen denean, ahapaldia ere bukatu egin behar da. Silabak ez ditu bertsolariak hatzekin kontatzen, gauzak esaten eta kantatzen jakiteko doinuak markatzen dio ibilbidea.

Molde txikian

-Oinak (errimatzen duten hitzak) bi lerrotik bi lerrora azaltzen dira.

-Oin batetik bestera dagoen tarteari puntua deritza.

-Kopla txikiak 4 lerro ditu, 2 puntu eta 7 / 6 silabako erritmoa.
-Zortziko txikiak 8 lerro ditu, 4 puntu eta 7 / 6 silabako erritmoa.
-Hamarreko txikiak 10 lerro ditu, 5 puntu eta 7 / 6 silabako erritmoa.
Molde handian

Molde handiko hiru neurri mota hauen ezaugarriak honela laburbilduko ditugu:

-10 / 8 silabako erritmoa dute neurri handiko ahapaldiek.

-Oinak bi lerrotik bi lerrora azaltzen dira (puntu bat osatuz)

-10 silabako lerroek etenaldi bat dute erdian, 5 / 5 (doinuak eskatzen du)

-Molde txikian bezala, kopla handiak 4 lerro eta 2 puntu ditu.

-Zortziko handiak, 8 lerro eta 4 puntu ditu

-Hamarreko handiak, 10 lerro eta 5 puntu ditu.

Molde Bereziak

Neurri txikiko eta handiko arauak ez dituzte betetzen, osorik behintzat. Neurri berezietan oin guztiak ez doaz bi lerrotik bi lerrora: batzuetan lerrotik lerrora ere bai. Silaben metrika ere ez da ohikoa, eta doinuak ere bereziak dira.

Neurri berezien arloa bukatzeko, bertsolarien artean ezagunenak diren doinuen zerrenda doakizue ondoren: Aizak, hi mutil mainontzi, Betroiarenak, Habanera, Ikusten duzu goizean, Kontxesiri...
AUDIOAK:

Neurriari dagokionez, zehatza izan behar du eta bertsolariarentzat ongi neurtzea lan zaila da. Bertsolariak baditu alabaina klabe batzuk euskarak eskaintzen dituen baliabideak ongi aprobetxatzeko eta bat-batean ari denean hitzekin konbinazio egokiak egiteko.

Neurri zehatza emateko baliabideak

Neurri zehatza emateko zenbait baliabide baditu bertsolariak, eta horietako bat hitzekin jokatzen jakitea da. Hitz guztiak ez dira, ordea, berdinak. Batzuk, ken-ipinikoak dira, eta horiek hain zuzen esaldiari zalutasuna eman diezaiokete. Esaterako: hain, txit, bai, ez, gaur…

Beste klabe bat atzizkiekin jokatzea da. Esaterako: norantz-norantza, nondik-nondikan, gera-gerade, gaurtik-gaurdanik, gizon-gizonki, …

Hitz elkartuen egitura erabiltzeko erraztasun handiak ematen ditu euskarak, eta oso ugariak dira gainera: etxe gaina/etxearen gaina, mendi gailurra/mendiaren gailurra, diru hotsa/diruaren hotsa, heriotza orduan/heriotzaren orduan…

Beste sail bat luzadurekin eta laburdurekin jokatzea da. Adibide batzuk: genuen-genun, duela-dula, egin ezazu-egizu, pentsatu-pentsau…

Elipsia zerbait ezabatzea edo ulertutzat ematea da. Izan daiteke hitz bat edo gehiago. Baita esaldi osoa ere. Esaterako:
Beti ahulerian
tristura begian
ez haren premian
gure familian
Xenpelarrek daukazki
Errenterian.

Hitz sinonimoez baliatzea, euren luze-laburraren arabera komeni den moduan. Adibidez: maiz-sarri-anitzetan-hainbestetan; pizti-abere-animalia…

Errima

Puntua zer den ere argitu behar da : oin batetik bestera doan zatia da puntua. Beste era batera esanda, oin bakoitzak puntu bat adierazten du. Gehienetan, bi lerrotik bi lerrora joaten da puntua, baina, doinu berezietan lerrotik lerrora ere osa daiteke. Adibidez:
Ikusten duzu goizean
argia hasten denean