2010-09-09

1. UNITATEA: Gure ahozko euskal literatura 2


XVIII. MENDEKO KANTU LIRIKOAK

AUDIOAK eta BIDEOAK
HASTEKO, ENTZUN EZAZU LEHEN KANTA HAU. XVIII. MENDEKOA IZAN ARREN, ZIUR ENTZUNA DAUKAZULA...
BESTE KANTU LIRIKO BATZUK DITUZU HONAKOAK. BUKAERAN BERRIRO AGERI DIRA, KANTU BAKOITZAREN LETRAZ LAGUNDUTA.


1. SARRERA

Azterketa egiten hasi baino lehen, generoaren definizioari buruzko zertzelada batzuk egin behar dira, zeren gauzak zorrotz esateko, XVIII. mendeko lirika ez baita beti XVIII. mendekoa, ez baita, gainera, beti lirika. Dena dela, horixe da zabaldu den izena, eta horregatik, hemen, honelako zabalkunde-lan batean, horri eutsiko diogu.

XVIII. mendeko lirika esaten zaio testu batzuk XVIII. mendean datatuta daudelako, musika eta kantu biltzaileek beren kaierak mende horretan idatzi zituztelako eta edizio berriak horietatik atera direlako.

Baina, deituraren azpian beste genero bati eta beste testuinguru kultural bati dagokion eskema nagusia dago: Espainiako Erdi Aroko poesiaren egoera azaldu nahiz Menéndez Pidalek eraturiko eskema: hasieran epika izan zen, eta hortik sortu ziren erromantze epiko-lirikoak eta, ondoren, hauetatik sortu ziren erromantze lirikoak. Eskema horrek ez du adierazi nahi, haatik, lirika herrikoi eta tradizionalik ez zela garai horietan; erromantzeen garapena azaltzen du soilik, eta kantu epikoetatik erromantze lirikoetara nola igaro zen azaldu nahi du, ez besterik.

Antzeko eskema bat egin nahi izan da euskal poesia tradizionalarekin, eskema hark zituen baldintza estuak ongi errespetatu gabe. Gutxi gorabehera, Euskal Herrian arrazoibide hau erabili izan da: badugu epika bat, epikaren aztarna bat XVI. mendean guduei buruzko balada batzuetan (epika diren ere diskutigarri da), XVII. mendean eredu epiko-lirikoak ageri dira baladetan, eta, beraz, XVIII. mendea lirikaren mendea da. Pidalen eskemak testurik testu zegoen prozesua azaltzen du (Mio Ciden kantu epikoak sortzen ditu Mio Ciden erromantzeak, edo hauek handik banatzen dira, baina beti testu berdinez ari dela); gure artean, ordea, testu desberdinekin egin da lan. Horra, bada, gure testu batzuk XVIII. mendekoak dira eta beste batzuk ez.

Genero hau lirika denik ezin da ukatu, baina lirikaren ezaugarriekin batera beste ezaugarri batzuk ere baditu, esate baterako, nitasuna desagertzea. Badira poema batzuk elkarrizketa soil direnak, eta beste batzuk narrazio gisa eratuta daudenak.

Generoa, muga zabalak baditu ere, lirika mailakoa da: batez ere maitasunaren inguruan ari da, pertsonaien oinazeak eta sentipenak agertzen ditu, inoiz helburu didaktikoak ditu maitasunak egin ditzakeen kalteez neskatxei gaztigatzeko, eta narrazioa, bakarrizketa eta elkarrizketa onartzen ditu. Eta, batez ere, metaforizazio sistema berezia sortu du.

Beharbada metaforizazio sistema da genero honek duen gauzarik deigarriena, eta estetika aldetik politena, generoari bere izaera ematen diona.


2. KOKALEKUA

Lafitten eta, batez ere, Juan Mari Lekuonaren ustez, genero liriko hau baladen ostean etorri bide zen eta XIX. mendeko bertsolaritzaren aurretik.

Planteamenduaren izaera filogenetikoa, hala eta guztiz ere, ezin da onartu: ez da uste izan behar XVIII. mendeko lirika baladetatik sortu denik, ezta generoak XIX. mendeko bertsolaritza sortu duenik ere, nahiz eta bertsolaritzaren bat-batekotasunaren zenbait ezaugarri maite kanta hauetan agertzen diren, erronda kantetan batik bat. Gaurko begiz begiratuz, batez ere esan nahi da genero bat beste bat baino gehiago estimatzen dela garai jakin batean.

Gaur egunetik begiratuz azpimarragarri da hori, zeren genero tradizionalak bizirik baitaude aspaldidanik (XVIII. mendetik baino lehenagotik dudarik gabe), eta bizirik iraun baitute XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan. Adierazten dena da, batez ere genero jakin bat (maitasun lirika) aukeratzen dugula gure ikerketak egiteko, eta XIX. mendetik aurrera bertsolaritza izan dela pixkanaka-pixkanaka gailentzen joan dena. Ordea, horrek ez du esan nahi beste genero tradizional batzuk desagertu zirenik, edo genero hori bakarrik lantzen zenik. Beste alde batetik, ikusi beharko litzateke -eta honetaz datu handirik ez dago-, zer nolako estimua zioten garai hartako biztanleek generoari. Baina hori jakitea ezinezko zaigu.

3. EZAUGARRIAK

3.1 GAIAK

Maite kantak dira, gehienbat generoko testuak. Baina maitasunaren sentimendua era askotara agertzen dute kantu hauek.
Lehen-lehenik maitasuna adierazteko kantuak dira:

"Kailla kantuz ogi petik uztail-agorrilletan,
maitea ganik etxerakoan entzun izan dut bortzetan,
amodioak bai nerabilkan haren ate-leihoetan".

("Kaila kantuz")

Baina maitasunaren mila aurpegi-irudi ageri diren horretan tristura azaltzen dutenak ere badira:

"Mendian zoin den eder eper zango gorri!
Ez da behar fidatu itxur'eder horri.
Ene maiteak ere bertzeak iduri:
niri hitzeman eta gibelaz itzuli."

("Mendian zoin den eder")

Gehienbat, baina, abisu itxura dukete: fideltasunaren inguruan osaturiko abestiak dira. Fideltasuna, hots, hitza eman eta gero aginduari eustea litzateke testuok agertzen duten ezaugarri ideologiko garrantzitsuena. Helburu ideologikoa eta didaktikoa nahiko garbi agertzen dute kantu hauek:

"Landan eder iratze
Behi ederrak aretxe;
Zu bezalako politetarik desir nuke bi seme.
Horren maita ba'naizu,
Obrak irakats itzatzu:
Elizala eraman eta han espusa nezazu"

("Eijirra zira maitia")

"Plazeraren ondotik desplazera duzu"

("Erregek gizon ederrik").

Agur kantuak ere badira, edo erronda kantuak. Maitasunaren inguruan zertzelada ugari agertzen dituzte abestiok beren gaien joan-etorrian.


3.2 BAKARRIZKETA-ELKARRIZKETA

Maite kanta diren neurrian, barne munduaren agerbide dira genero kantuak. Baina, halere ez daude denak lehen pertsonan emanda. Inoiz, kontaketa prozesu bat badago eta orduan hirugarren pertsonan datoz, baina baladetan gertatzen dena ez zaigu hemen gertatzen, eta kontaketak hasieran gertatzen dira: maitaleen hizkerari, maitaleen arteko elkarrizketari, marko bat eskaintzen dio kontaketak. Maitalearen barnea azaltzen bada, bakarrizketa izango da:

"Amodioa zein den zoroa
mundu guziak badaki.
Nik maiteño bat izaki
Eta beste batek eramaki
Jainko maiteak gerta dezala
enekin baino hobeki"

("Amodioa")

Baina ugariago ditugu maitaleen arteko elkarrizketa gisa onduriko abestiak. Maitaleek elkarrizketaren bidez maite-penak, itxaropenak, beldurrak, mesfidantzak, pozak kantatzen dituzte. Aho poesiak zuzenean ematen ditu pertsonaia eta protagonisten hitzak, eta horrela dramatizazio efektua lortzen da, entzuleak ere zuzen-zuzenean entzuten ditu-eta haien arrazoiak:

"Partitu nintzen herritik zuri promesa emanik,
enetzat fidel egon zinten ongi gomendaturik
ez duzu egin kasurik!

Fidelik ez egoiteko ez dut, ez, nik arrazoinik,
ene bihotza zuk daukazu arras enganaturik,
Hortaz ez izan dudarik"

("Erreztuna")

Juan Mari Lekuonak adierazi duenez, egitura aldetik hiru moldeak (kontakizuna, bakarrizketa, elkarrizketa) tartekatuz edo horietako bi soilik erabiliz osatzen dira kantu hauek. Baina garbi adierazten du, neurri berean, elkarrizketak garrantzizkoak direla eta dialektika berri bat agertzen dela horietan.

Maitaleak hizketan ari direnean, horien arteko prozesuak finezia eta kortesia puntu bat badu; baina elkarri arrazoiak emateko orduan, batez ere maitaleen artean tentsio handia dagoenean, ez da gezurrik tartean. Dialektika horren adibide bat ikusiko da lehenik:

"Eijerki mintzo zira, üsatü bezala,
trunpatü nahi naizüla badizüt beldürra.
Zü ziradila kausa galdü dit libertatia,
Enezazüla kita, fidela bazira.

Zük eztakizia jaun galant bat nizala,
Seküla trunpatzia pentsatü eztiana;
Ezpazira fidatzen gizon galant bati,
Etzitiala fida jagoiti besteri"

("Goizetan jelkitzen da")

Dialektika ez da sortzen soilik ni eta zu, bi pertsona aurrez aurre direlako eta egoera horrek tentsioa sortzen duelako, kontrajartzeak erabiltzen direlako (trunpatu/ ez trunpatu, engainadore/galant, ni/beste bat; fidela/kitatu, fidatu orain/ez fidatu ondoren, gero) baizik, eta silogismo puntu bat adierazten delako testuan. Orain ez bazara nitaz fidatzen, ezin izango zara ondoren beste inortaz fidatu, adierazten dio mutilak neskatxari. Joera silogistiko horrek planteamendu hirukoitza du: batetik, ideien loturak ematen ditu, bata besteari lotuz; bestetik, etorkizunaren ideia ematen du, eta beraz, litekeena ere kontuan hartzen da; eta, gainera, mendeko perpausak beste generoetan baino gehiago eta ugariago erabiltzen dira.

Hau guztia azpimarratu behar da arrazoi birengatik: Ong-en teoria gogoratuz, silogismoak eskatzen duen abstrakzio maila ez da ahozkotasunaren ezaugarri berezia eta, bestetik, mendeko perpausen erabilera oso garrantzitsua da maite-kantuetan, batez ere baldintzazkoak ageri dira adibidean, baina bestelakoak ere badira. Horrek guztiak adierazten du genero honetan, ziurrenik, literatura idatziaren eragina egon badagoela, kultura idatzitik jasoa dela zenbait elementu, alegia. Eta hipotesia ez da alferrekoa, kontuan hartzen bada kaiera idatzietan transmititu zela abestien corpusa, eta zenbait kantaren egilea Nafarroa Behereko aitoren seme bat izan genuela.

3.3 METAFORAK

Metaforizazio sistema da denetan deskribatzen errazena. Hori dela eta, berarekin hasiko gara, horrek ematen baitio generoari xarma eta lilurarik handiena.

Maitearen irudia agertzeko hainbat metafora nagusi erabiltzen ditu generoak:

· Izarra
· Lilia, lorea
· Hegaztia
· Urxapala...

4. BALIABIDEAK

Genero honen diskurtsoari erretorikaren eta estilistikaren ikuspegitik begiratuz, zenbait ezaugarri nagusi agertzen dira bere espresabidean.

Lehena, metaforak erabiltzeko joera litzateke. Metaforak metonimiak baino goragoko abstrakzio maila behar du, eta agian, hau ere beste indizio bat genuke generoan idazkera-kulturak duen eraginaz hitz egiteko. Metaforak nonahi agertzen dira, metonimiak berriz ez.

Kopla zaharraren estilizazio prozesua maite dute generoko testuek. Kopla zaharra erabiltzen dute hainbatetan, eta teknika horren berri ematerakoan goian aipaturiko elementuak gogorarazi beharko lirateke. Izadiari begira osaturiko testuak dira hauek, izadiak eskaintzen duen aberastasunarekin eta xarma-lilurarekin.

"Kukuiak umeak xillo tipian haritz gainean...
Primaderan zein den eder brioletaren loria"

("Kailla kantuz")

Eta irakurlearen irudimen mundua hunkitua geratzen da eta, ase nahiz, beste ikuspegi sentsorial batzuez betetzen du bere mundua.

Irudi poetikoaren mundua bisualizazioan oinarritzen da, ikusten den zerbaitetan, eta ikusten den horrek entzule-irakurlearen barrena ukitzen du antzeko irudiak eta esperientziak berriro bizitzara ekarriz.

Generoak erabiltzen duen epiteto homeriko nagusia, pertsonaiak izendatzeko erabiltzen den izenlagun nagusia "maite" da, eta horrek pertsonaia deskribatzen du, eta bide batez mundu afektibo oso bat eratzen du. Maitearen, hurkoaren mundura eramaten du entzulea. Tradizioko lirikaz aritu izan diren ikertzaileek zera ikusi izan dute: gutxi gorabehera berdintsuak dira kultura guztietan barrengo eta oinarrizko sentimenduen adierazpena. Gizaki egin gaituen munduaren eremuan gaude, agian hitzak sobera diren mundu horretan...

Prozesu poetikoaren elaborazioan, adierazpenean, formulak landuta agertzen dira: izenlagunak ugari dira, koloreek adiera sinbolikoa dute: zuria garbia da, zentzu moralez garbia, gorria odolaren kolorea, grinarena eta desirarena. Hiperboleek, aposizioek eta konparazioek hizkuntza berezia ematen diote generoari, eta horretan beste aho genero tradizionaletatik urruntzen dira XVIII. mendeko testuok.

5. ADIBIDEAK

AMODIOA
Amodioa zoin den zoroa
mundu guziak ba-daki.
Nik maiteño bat izaki
eta beste batek eramaki...
Jainko maiteak gerta dezala
enekin baino hobeki...

Azken pestetan egin nituen
izarraren ezagutzak;
denen artetik ageri ziren
haren begi urdin-beltzak;
irri pollit bat egin baitzautan,
piztu zauztan esperantzak.

Geroztik ere mintzatu gira,
eia nahi ninduenez
Harek bietan baietz erranik,
pentsa kontentu nintzanez!
Ez nuen uste haren agintza
betea zela gezurrez.

Orai bihotza urtua daukat
gatza urean bezala:
izar onaren argien ordain,
izigarrizko itzala!
Ohoin tzar batek berriki joanik,
nola naiteke kontsola!

EIJERRA ZIRA, MAITIA

Eijerra zira, maitia,
erraiten deizut egia;
nurk eraman ote deizu lehen floria?

-Eztizu egin izotzik,
ez eta ere karrunik
ene lehen floriari kalte egin dienik.

-Landan eder iratze,
behi ederrak aretxe;
zu bezalako politetarik desir nuke bi seme.

-Horren maite ba'naizu,
obrak irakats itzatzu:
Elizala eraman eta han espusa nezazu.

-Apezak dira España'n,
bereterrak Erruma'n;
hurak hanti jin artino,
gitian txosta kanberan.

-Aita dizut hil-berri,
amak eztizu urt'erdi;
zurekilan libertitzeko dolua dizut barnegi.

-Oihaneko otsua,
dolu dereiat,gaxua,
antxuekin lo'gin eta zeren barurik beihua.

-Enun ez ni otsua,
gutiago gaxua,
antxuekin lo'ginik ere kuntent gabez beinua.

-Bortu goretan lanhape
hur-bazterretan ahate;
zu bezalako falsietarik eztizut nahi deusere.


LILI BAT IKUSI DUT

Lili bat ikusi dut baratze batean,
desiratzen bai'nuke nere sahetsean
lorea ez du galtzen, udan ez neguan,
haren parerik ez da bertze bat munduan!

Deliberatu nuen gau batez joaitera
lili arraro haren eskurat hartzera.
Ez bainuen pensatzen beiratzen zutela!...
Gau hartan uste nuen, han galtzen nintzela!

Etsenplu bat nahi dut eman guzieri,
eta partikularzki jende gazteari:
Gauaz ibiltzen dena ez da zuhur ari;
ni begiraturen naiz, eskerrak Jaunari!


MAITIA, NUN ZIRA
AUDIOAK:

Maitia, nun zira?
Nik etzutut ikusten,
ez berririk jakiten;
nurat galdü zira?
Ala, kanbiatu da zure deseiña?
Hitz eman zenereitan,
ez behin, bai berritan,
enia zinela.
Oikua nüzü,
enuzu kanbiatu,
bihotzian beinin hartü,
eta zü maitatu.
Aita jeloskor batek dizu kausatu,
zure ikustetik,
geiago mintzatzetik
hark nizü pribatu.

Aita jeloskorra!
Zuk alaba igorri,
arauz ene ihesi,
komentu hartara!
Ar'eta ez ahal da sarturen serora
fede bedera dugu,
alkarri eman tugu,
gauza segura da.

Zamariz iganik,
jin zazkit ikustera
ene kontsolatzera,
aitaren ixilik.
Hogei eta lau urte batizit beterik:
urte baten burian,
nik eztiket ordian
aitaren axolik.

Alaba diener
erranen dit orori:
so'gidaziet eni
beha en'erraner
"Gaztetto direlarik untsa diziplina;
handitu direnian,
berant date ordian,
nik ba-dakit untsa.

MENDIAN ZOIN DEN EDER
AUDIOA: http://www.goear.com/listen/e245244/Mendian-zoin-den-eder-kantu-lirikoa

Mendian zoin den eder eper zango gorri!
Ez da behar fidatu itxur'eder horri.
Ene maiteak ere bertzeak iduri:
niri hitzeman eta gibelaz itzuli.

Gaztena ontu-eta lurrean ihaurri
ene bihotza duzu zu ganat erori,
eta zurea aldiz harria iduri:
ene begi gaixoak nigarrez iturri.

Airea zahar eta kantorea berri:
ene maite pollita, zira xarmagarri:
kolore xuri-gorri, arrosa iduri,
mundurat jina zira ene ihargarri

Heldu naiz zure ganat, arrosa ederra,
ezin-bertze huntarik nezazun atera.
Xangrin huntan hiltzeko jin balait malurra
begian ba-zinuke betiko nigarra.


XORI ERRESINULA

Xori erresiñula udan da kantari,
zeren ordian beitu kanpuan janari;
negian ezt'ageri; balinban ezta eri!
Udan jin ba'ledi,
konsola nainte ni.

Xori erresiñula ororen geien,
bestek beno hobeki hark beitu kantatzen;
harek du inganatzen mundia bai tronpatzen;
bera eztut ikusten,
bai botza entzuten.

Botz haren entzun nahiz herraturik nago;
ni hari hullant eta hura urrunago;
jarraiki ninkiro bizia gal artino:
aspaldi handian
desir hori nian.

Xoria zuñen eijer kantuz oianian!
Nihaurek entzun dizut igaran gaian .
Eia! Guazen, maitia, bi-biak ikustera:
entzuten ba'duzu,
xarmaturen zaitu.

Amak utzi nindizun bedats azkenian;
geroztik nabilazu hegalez airian.
Gaiak urtuki nindizun sasiño batetara,
han zizun xedera
oi! ene malurra!

-Xoria, zaude ixilik, ez egin kanturik;
xoria, zaude ixilik, ez egin kanturik;
eztuzu profeiturik ni hola penaturik,
ez eta plazerik
ni tunban sarturik.

-Bortiak xuri dira elur dienian,
sasiak ere ilun osto dienian.
Ala ni malerusa! zeren han sartu nintzan?
Jun ba'nintz aitzina,
eskapatzen nintzan.

-Xoria, zaude ixilik, ez egin nigarrik;
zer profeitu dukezu hola aflijiturik?
Nik eramanen zutut, xedera laxaturik,
ohiko bortutik,
ororen gañetik.